lunes, 29 de febrero de 2016

Igarkizunak

Igarkizunak hizkuntzarekin eta hizkuntzaren bidez jolas egiteko tresna ezin hobea dira, igarkizunak esaten duena ulertzearekin batera, baeraien ezagutzak martsan jarri eta esandakoari forma eman beharko baitiote.

Behekaldean, sarean aurkitu ditudan igarkizunetatik egin dudan aukeraketa duzue ikusgai. Guztiez, hizkuntza erraza dute eta haurren eguneroko bizitzatik gertu dauden objetu edo gauzei buruz hitz egiten dute, horrela, beraiek lotura errazago sortu dezaten.

Horretaz aparte, hauetariko batzuk errimadunak dira. Oso puntu interesgarria da hau, errimaren bidez doinu bat hartzen baitu testuak eta haurra hitz jolasetara gerturatzen baitugu.

Hone hemen egin dudan aukeraketa!


ERRIMADUNAK

Sudur gorri,
Umeentzat barregarri
Zer ote naiz ni?
PAILAZOA

Miau-miau
Miau-miau…
Esnatu egin nau!
KATUA

Zer da eta zer da
Sagu oso zaharra dena
Zer da eta zer da
Hegan egiten duena?
SAGUZAHARRA

Erratza gainean arinak,
Sudur luze eta finak
Beltzak hortz eta haginak
Hegan dabiltza….SORGINAK!

Kurrin-kurrin,
Kurrin-kurrin,
Zein da nire izena?
Ezetz igarri arin? TXERRIA
Puntan punta bi,
Atzean zulo bi,
Zer naiz ni?
GURAIZEAK

eta gehiago daude...

domingo, 28 de febrero de 2016

Jolas kantak

Kantuak mota askotarikoak izan daitezke eta horien artean beste adibide bat da jolas kantuena.

Jarraian, zenbait jolas kanta ikusiko dituzue,; ahotsak.eus taldeak berreskuratuak batzuk, eta nik ezagutzen nituenak besteak.

Hauetariko zenbait, Pello Añorgak bere sailkapenan kantu dramatizatuetan kokatuko lituzte baina, guztiak ere jolas egiteko erabiliko nituzkeen nik beraz, talde bat egin dut biekin.

Zenbaitek bideoa dute atxikituta, kantu bakoitzarekin zer egin dezakegun ideia bat hartzeko.

Kantu alaiak eta barneratzeko errazak direlako hautatu ditut hauek baina, haurrek hauekin gozatzea nahi badugu, ezinbestekoa izango da irakaslearen jarrera aktiboa. Parte hartu beharko du, haurrak animatu eta erakarri. Horretarako, beharrezkoa izago da keinuak, mugimenduak...erabiltzea.

KUKURRUKU

-Kukurruku!
-Zer duzu?
-Buruan min!
-Zeinek egin?
-Azeriak
-Azeria non?
-Errotapian.
-Zertan?
-Garia biltzen.
-Garia zertarako?
-Oiloari emateko.
-Oiloa zertarako? 
-Arrautzak jartzeko

-Arrautzak zertarako?


KATARRAMIXON


Katarramixon
Nun ixen?
Gaztelun
Zertan?
Gaztaiña ta ogixa ekartzen
Nun itzi?
Bentanan
Nork jan?
Katuak
Niri bapez!
Zapi-zapi-zapi-zapi!




ARRIOLA MARRIOLA


Arriola marriola
orratza zorrotza
punta gaitza
hari txarra
tira-bira
zirrin zarran
eta zast!







Jarrai ezazu behera...

sábado, 27 de febrero de 2016

Ipuin tradizionalak

Ipuinak, garrantzia berezia duten baliabide literarioa dira Haur Hezkuntzan.

Aurreko post batean, kontakizunak zuen helburuaren arabera bereizten ziren bi ipuin proposatu nituen eta gaur, ipuin tradizionalen txanda.

Jarraian ipiniko dudan ipuin zerrenda, irudi bidezko kontakizunez osatua dago. Nahiz eta seguruenik beste formatu batzuetan ere aurkitzerik izango diren, bertako marrazkiek haurrari asko transmititu diezaioketela uste dut.

Urteetan entzundako ipuinak dira hauek, erraz ulertzeko prestatuak eta irudimenaren bidez mundu majikoetara bidaiatzea ahalbidetzen digutenak.

Aukera oso zabala bada ere, niri gehien gustatzen zaizkidanak ipiniko ditut bertan, nik nire ikasleei kontatuko nizkiekenak.

(istorioa zein den ikusi ahal izateko, ipuinak modu digitalean ipiniko baditut ere, liburu bideko kontakizuna da nire proposamena)



NON: Haurrak eroso eta lasai egon ahal diren tokian (asanblea txokoa izan daiteke)

NOLA: Sentituaz eta naturaltasunez kontatzea komeni da. Modu goxoan eta erritmoa zainduz. Jarraitasunez kontatuko ditugu, beti ere hauen helburua gozamena bada.

NOIZ: Etxera joan aurretik, edo lasaitzeko premia dutenean.

viernes, 26 de febrero de 2016

Sehaska kantak

Gaurkoan, sehaska kanta batzuen bildumarekin natorkizue. Aurretik ere esan dugun moduan, kantuak haurrarengana iristeko modu ezin hobea dira eta sehaska kanta moduan sailkaturik daudenak ere horren adibide izan daitezke.

Kantu mota hauek, normalean, intimitate eta erlaxazio egoeretan erabiltzen dira eta oso egokiak izan daitezke konfiantzazko atxikimendu irudi bat sortzerakoan.

Jarraian, bi CD musikalen proposamena egingo dizuet eta baita aspalditik ezagunak diren beste zenbait kanturena ere.

Denak, abestiek transmititzen duten goxotasun eta lasaitasunagatik aukeratuak izan dira.


SEHASKA KANTAK (CD)













EGIZU LO (CD)















NON: Haurrek lasai egoteko eta atseden hartzeko aukera duten espazioetan.

NOIZ: Siesta garaian, lasaitzeko beharra dutenean...

NOLA: Musika jarrita edo irakasleak beraak abestuta. Gertutasunarekin eta ahal bada elkarren kontaktuan.

martes, 23 de febrero de 2016

Ilunorduak eta argilaurdenak, Joxeantonio Ormazabal


 Olerkiak ere hizkuntza lantzeko modu ezin hobea dira eta sarritan, hizkuntza lantzeaz gain beste zenbait helburu lantzeko ere erabil ditzazkegu.

Garrantzitsua da haurrei sentimentuak adierazten erakustea, adierazten eta identifikatzen. Ikasgelan, tristurak, pozak, haserreak, minak... beren lekua izan behar dute eta hauek lantzeko modu ezberdin bat izan daiteke orain proposatuko dizuedana.

Ilunorduak eta argilaurdenak, Joxantonio Ormazabalek argitaratutako olerki liburu bat da eta agian zenbait olerki Haur Hezkuntzarako konplexuak izan badaitezke ere, asko egokiak direla iruditzen zait.

Hizkuntza erraza erabiltzen du orokorrean eta hitz berriak lantzearekin batera, sentitzen dutena ulertzen lagun dakioke haurrari.

Hala ere, olerkiak sarritan arrotz gertatuko zaizkio agian ikasleei eta garrantzitsua da irakasleak hauekiko gertutasuna adieraztea, bai eta jarraipen bat ematea ere. Hau da, behin irakurri eta bere horretan utzi beharrean, segida bat ematea, landu nahi dugun olerkia aukeratu eta modu ezberdinetara lantzea. ( Zenbaitetan irakurketa soil batean ere gera daiteke, helburua gozamen hutsa bada).

Honetaz gain, garrantzitsua izango da entonazioa eta erritmoa zaintzea ere, hauek erakargarri egin daitezen.

Jarraian, olerki batzuk ipiniko ditut baina gogoratu, liburu benetan interesgarria dugula hauekin betea.


          Ordu gozoak                                                              Ez duzu behar ezpatarik
          ordu gaziak                                                                zeure burua defendatzeko
          denetik du bizitzak.                                                   irribarre bat aski baituzu
          Baina gaur tori loreak                                                armagabetzeko.
          eta utzi arantzak.


Urduri,
alai
edo goibel.
Ikusi al duzu
zuhaitzik urduri, txoririk barrez
edo harririk negarrez?





NON: Gelako eremu eroso batean.

NOIZ; Haurrak lasai daudenean

NOLA: Oso liburu bisuala ez denez, irudi gabeko kontakizun moduan, errepikapenarekin jolastuaz.

Ipuinak; Artzain gezurtia eta ilargiaren soinekoa

Oraingoan, bi ipuin ezberdinen proposamenarekin natorkizue. Biak ipuinak izanagatik, helburu ezberdinak dituzten kontakizun bezala landuko baititugu.

Lehenengoa, Artzain gezurtiaren ipuina. Kontakizun hau asko erabiltzen da Haur Hezkuntzan, normalean, zenbait balore erakutsi asmoz.
Ipuin sinple eta hizkuntza errazekoa da eta ahal dela, modu laminatua erabiliko dugu hau kontatzeko.

Hau horrela izanda eta helburu bezala zerbait irakastea dugula kontuan harturik, kontuan izan behar dugu;

- Haurrentzat tarteak aurreikusi eta erantzun dezaten isil uneak utzi behar ditugu.

- Kontatzen dugunean sinestu eta benetan sentituz konatatu behar dugu.

- Modu atsegin eta goxoan kontatuko dugu.

- Kontaketarako, konfiantzazko giro goxo bat lortuko dugu.

Hona hemen ipuina.


https://issuu.com/jaialain/docs/artzain_gezurtia

Bigarren ipuinaren izenburua berriz, " Ilargiaren soinekoa da". Ipuin labur bezain atsegina da eta gozamena soilik helburu duten kontakizunetarako proposamen moduan aurkezten dut.

Irudi gabeko kontakizuna izango da eta beraz, zenbait ezaugarrik garrantzia handia hartuko dute haurren interesa lortu nahi badugu. Besteak beste;

- Irakasleak istorioan murgildu behar du eta dramatizazioak garrantzia handia izango du irudia falta den unetik.

- Kontaketa erritmoa zaindu eta haurrei istorioaren parte egiten saiatuko gara.

- Giro atsegina lortzen saiatuko gara.

Hemen duzue ipuina.

Behin batean Ilargiak, amarengana hurbildu eta, hauxe esan zion:
- "Aizu, amatxo, soineko bat eduki nahi dut. Lurreko biztanleek erabiltzen dituztenak bezalako soineko bat eduki nahi dut".
"Ongi da, alabatxo -erantzun zion amak- Zoaz jostunarengana eta esaiozu neurriak hartzeko".
Joan zen, bada, Ilargia jostunaren etxera. Hark neurriak hartu zizkion eta handik bost egunera itzultzeko eskatu zion. Bost egun igarota, han joan zen Ilargia jostunaren etxera lasterka bizian. Soinekoa janzten hasi zen baina ezin: laburregi eta estuegi zeukan.
- "Dirudienez, erratu egin naiz", pentsatu zuen jostunak bere arterako, eta neurriak hartu zizkion berriro.
"Itzuli bost egun barru"- esan zion Ilargiari.
Ilargia bost egun geroago itzuli zen, soinekoa jantzi eta berriro gauza bera gertatu zitzaion: laburregi eta estuegi zeukan.
Jostunak berriz ere neurriak hartu, handik bost egunera itzultzeko eskatu eta, beste barik, lanari ekin zion. Bost egun haiek igaro ziren. Jostunak soinekoa amaitu zuen baina Ilargia bere etxera sartzen ikusi zuenean....... ez zuen jantzi beharrik izan: bazekien ez zuela sekula ondo edukiko, une hartan Ilargia gazta bezain biribila baitzen.
Jostuna etsita zegoen erabat:
-"Ezin dizut soinekorik egin, Ilargi, orain laurdena, gero erdia eta ondoren osoa zaudelako. Neurri asko hartu arren inoiz ez duzu soinekoa ondo edukiko".
Horrexegatik geratu zen Ilargia soinekorik gabe eta horrexegatik dago oraindik ere biluzik.

Dena dela Ilargia, soinekoarekin edo gabe, beti eder.


NON: Ikasgelako eremu atsegin batean, haurrek erlaxatzeko aukera izan dezaten.

NOIZ: Eguneko egituraren arabera moldatu daiteke. Momentua aukeratzerakoan garrantzitsua izango da haurren egoerari behatzea.

Zotz egiteko kantak

Kantuaren bidez ematen dizkiogu haurrari hizkuntza bidez komunikatzeko lehen errekurtsoak, beraz, garrantzitsua da aukera zabal bezain erakargarria eskaintzea.

Oraingo honetan jolas kanten esparruan murgilduko gara,, zehatzago esateko, zotz egiteko kantuetan.

Haurrak jolasean igarotzen du eguna eta ezin aukera interesgarriagoa da kantu hauen bidez hizkuntza landu dezaten.

Irakasleak iaksgelan beti zotz egiteko modu berbera erabiltzen badu, haurrak ere horixe bera egingo du eta gure helburua guztiz kontrakoa da; haurrak aukera zabal bat izatea non, momentu eta egoeraren arabera berak egokiena ikusten duena aukeratzeko gai izango den.

Haukera zabala dugu zotz egiteko kantuetan beraz, hemen hiru ezberdin jarriko ditut eta beste asko beheran jarriko dudan estekan aurkituko dituzue.


DIN, DON
KIKILIMON
SALTSA PIKA
TORTOLIKA
DE-BU-ZON
AITONA MARTZELON
KIXKI ETA MIXKI
TA KAXKAMELON


ATXA-MITXA ZILARRA
JOAN JOAN OILARRA
ARDI BELTZA BILARA
O PITXON, BIRIBILTON,
TXIN, TXAN, TXON


A, B, C, D, E,
F,G, H, I, J, K,
LAPUR MIKELETE


NON: Ikasgelan zein kalean

NOIZ: Zozketak egin behar direnean

NOLA: Jolas moduan, haurrak parte hartzera gonbidatuaz

viernes, 19 de febrero de 2016

Egunari hasiera emateko...

Jarraian datozenak, egunari hasiera emateko, Haur Hezkuntzan egiten diren errutinei sarrera ematen dien zenbait kopla dira. Hauen helburua, egingo duten ekintzari sarrera moduko bat egitea da.

Hauetan, egunerokotasunean erabiltzen den hizkuntza lantzen da eta kantua, haurrarengana iristeko modu egokia denez, horretaz baliatuko gara.

Kopla hauek, egitura eta hizkuntza sinplea dute eta errepikapenaren bidez erraz ikasteko prestatuak daude. Hasieran, irakasleak abestuko baditu ere, ikasturtea aurrera joan ahala, ikasleek ere parte hartzea da helburua.

Kopla baten ondoren ekintza etorriko da beti eta beraz, hau burutzeko garrantzitsua izango da haurrak eserita egotea, guztiek kopla eta ekintzaren arteko lotura uler dezaten.

Irakasleak modu goxo eta atseginean abestuko du, haurren interesa piztu eta beraiek ere kantura animatzeko.



Guztiok gaudenez presto
egun onak emateko
kontatzen hasi gaitezen denok
zenbat garen jakiteko.


Begiratu zeruari
bi begiak adi-adi
arduradunak esan dezala
gaurkoan ze eguraldi?


Ta egutegiarekin
erabaki elkarrekin
gaur zein egun den jakin dezagun
borobil handi bat egin.

NON: Ikasgelan, arduradunaren lanak burutzen diren lekuan

NOIZ: Goizeko lehen asanblean

DOINUA: "Diós te salve"

JATORRIA: Sorkuntza.
Txoko honen bidez lortu nahi dudana, izenburuak dioen bezala, errepertorio literario bat osatzea da. 

Ahozkotasuna, haurrengan garrantzia handiko faktorea izaki, honi modu landu eta egoki batean erantzuteko materiala pilatuko dut, bai eta material hauek zertarako eta nola erabil genitzazkeen azaldu ere.

Eskura jarriko ditudan baliabide literarioak, askotarikoak izango dira; bertsoak, olerkiak, ipuinak... bai liburu edo adituengandik jasoak eta baita nik neuk sortuak ere.